Aizpea Goenaga / Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria

Aizpea Goenaga Eusko News

«ETA-ren desagertzeak gure gizartearentzat eta kulturarentzat oso momentu baikor eta interesgarriaren aurrean kokatzen gaitu»

Maider SILLERO ALFARO

Aizpea Goenaga harrapatzea ez da lan makala izan, Etxepare Euskal Institutuaren zuzendari lanak ugariak dira eta. Elkarrizketa honen “aurrekarietan” Aizpea Txinan, Londresen eta Berlinen egon da euskal kultura eta hizkuntza mundura zabaltzen. Bitartean, tartetxo bat hartu du gure galderei erantzuna emateko.
Aizpea Goenaga
“Hilabete hauetan, Institutua martxan jartzea —zentzurik zabalenean— izan da helburua.”
Argazkia: www.aizpeagoenaga.com

Urte eta erdi daramazu, gutxi gorabehera, Etxepare Euskal Institutuaren zuzendari. Zer moduz orain arteko ibilbide?

Oraindik ez dut urte eta erdia bete, ez. Eta hilabete hauetan, Institutua martxan jartzea —zentzurik zabalenean— izan da helburua. Zerotik hasita, alegia: egoitza, prozedura administratiboak, langileak eduki ahal izateko deialdia, irudi korporatiboa, plan estrategikoa, diru laguntzen deialdiak eta kudeaketa, sektorearekin bilerak, lan hitzarmenak, harremanak, lan lerro nagusiak markatu eta martxan jarri… etab luze-luze bat. Ez da samurra izan, lanez lepo ibili gara, eta gabiltza, baina pozgarria ere bada Institutua aurrera doala ikustea. Dagoenerako bere zeregina betetze ari da, lehen urratsak eman ditu, eta orain, hazi egin behar du, horretarako proiektu asko ditugu esku artean, asko dago egiteko, eta atsedenik gabe aurrera jarraitzea da gure helburua.

Zuretzako zer suposatu du Etxepare bezalako erakunde bat zerotik sortzea?

Erronka. Ardura handia. Gogoa. Poza. Nekea. Nahia. Ilusioa. Beharra. Eta gure hizkuntza eta kultura munduratzeko aukera paregabea. Zerotik hasteak badu bere alde ona, esate baterako, inolako zamarik gabe, motxilarik gabe sortzeko askatasuna izatea. Eta baita bere alde gogorra ere, adibidez, den-dena eraiki behar izatea, egoitzaren lanetatik hasi, estruktura administratibotik pasa eta proiekturik txikiena ere kudeatu behar izatea. Baina pozgarria da hain beharrezkoa den proiektu bat bere bidea egiten ari dela ikustea, eta batez ere, munduan barrena gure hizkuntza zabaldu eta gure sortzaileen proiektuak kanporatzen ari direla ikustea eta horretan lagundu eta bultzatzea.

Eta euskal kulturarentzat zer suposatzen du?

Euskal kulturaren bai sortzaile eta baita industriarentzat bultzada bat da, babesa emango dion estruktura edo erakundea sortzea oso berri ona da. Gu oraindik martxan hasi berriak gara, baina euskal kultura betidanik ibili da munduan barrena. Sortzaile eta eragile oso interesgarriak daude, asko eta asko beren kabuz ari dira munduan barrena lanean. Oso emankorrak diren izen handiko artista hauek beren herriaren babesa ba dutela sentitu behar dute, eta ez emaitzaren bat lortzen dutenena bakarrik, baita prozesuan ere. Han eta hemen ate asko zabaltzen dizkigute gainera, kontaktu asko, ibilbidearen eskarmentua eskaini, norabide markatu… Eta oraindik gure eremutik kanpo hain ezagunak ez direnen bidea erraztu egiten dute.

Egia da, ez dela ekonomikoki honelako egitasmo bat martxan jartzeko garairik onena, baina bestalde ETA-ren desagertzeak gure gizartearentzat eta nola ez, kulturarentzat oso momentu baikor eta interesgarriaren aurrean kokatzen gaitu. Asko dugu erakusteko.

Erantzukizun handiko lana da euskara eta euskal kultura munduan zabaltzea. Zaila egiten al zaizue?

Egia esan ez da lan makala! Mundua handia da, bai, baina euskarak jakin-min handia sortzen du. Gure helburua hizkuntza maila akademikoan prestigio handiko unibertsitateetan kokatzea da. Aurten Estatu Batuetan eta Europako Bretainia Handian eta Frantzian, batez ere, zabaldu ditugu lektorado berriak. Beraz aurten euskara irakasten da Stanford, Chicagon, Sorbone III, Liverpool… guztira 32 irakasle ditugu munduan barrena. Eta haien lana euskara irakasteaz gain, euskararen inguruan sortzen den kultura zabaltzea da. Gure eragile mundialak dira. Gure enbaxadoreak. Munduan barrena erakusketak egiten, antzezlanak antzezten, liburuak aurkezten, zine jaialdietan parte hartzen, koreografiak erakusten, kontzertuak eskaintzen, edo sariak jasotzen ari diren artista asko ditugu, lan bikaina egiten ari dira, eta gure herriaren izena oso goian jartzen. Horregatik, joaten garen leku guztietan jendeak ateak zabaltzen dizkigu, proposamenak egin, edo guk egindakoak gogoz jasotzen dituzte, eta askotan ahal duguna baino lan gehiago pilatzen zaigu.

Aizpea Goenaga
“Euskarak jakin-min handia sortzen du. Gure helburua hizkuntza maila akademikoan prestigio handiko unibertsitateetan kokatzea da.”
Argazkia: www.aizpeagoenaga.com

Zer nolako harrera du euskarak hemendik kanpo? Zeintzuk dira topatzen dituzuen oztopoak edo aurreiritziak?

Lehen esan bezala, euskarak jakin-min handia pizten du. Asko dira unibertsitateetan euskara ikasten ari direnak. Duela gutxi Londoneko hizkuntza azokan izan ginen, eta gero Berlingo hizkuntza azokan izango gara, eta jende asko hurbiltzen zaigu gure hizkuntzaren berri jakitera, bere jatorriari buruz galdetu, metodologia, non ikasi daitekeen… Oztopoak? Bai, badira, jakina, baina hobe izaten da alderdi ona ikustea, esate baterako, ia beti topatzen dugu kide edo lagunen bat bidean, lekurik ezustekoenetan ere, eta asko laguntzen gaituzte (jatorriz euskaldunak direlako, edo lagun euskaldun bat ba duelako edo… besterik gabe gure herrian oporretan izan direlako. Beti ba da norbait gure alde egiteko prest). Makina bat anekdota ditugu, esate baterako, NYeko CUNYn, bertako iberiar ikasketen burua harrituta zegoen, errektore jaunak gure euskal literaturari buruzko katedraren inguruan azaldutako jakin-minaz. Errektoreak berak argitu zigun arrazoia: bere alaba euskaldun batekin ezkonduta zegoen eta haur erdi euskaldun baten aitona zen.

Bernardo Atxaga katedra martxan jarri berri duzue New Yorken…

Bai, oso garrantzitsua izan da, goi mailako unibertsitate batean gure literaturari buruzko katedra bat zabaltzea gauza handia da. Gure idazlerik ospetsu eta itzulienaren izena darama gainera. Eta kontatu dudan anekdota alde batera utzita, Mari Jose Olaziregi, Etxepare Institutuko euskara zuzendariak lan ikaragarria egin du, Katedra hau martxan jartzen, eta bertako iberiar ikasketen buru den Jose del Valleri ere asko zor diogu. Gainera Katedra honi, Bernardo Atxaga berak eman dio hasiera, eta ohore handi bat izan da. Ikasleak oso gustura zeuden, eta Atxagak inaugurazio ekitaldian eman zuen hitzaldia ikaragarria izan zen. Oinarri sendo bat.

Eta zabaldu dugun lehen katedra bada ere, bide hau jorratuz jarraitu nahi dugu, unibertsitate prestigiotsuetan gure hizkuntza, artea, literatura, musika, edota diseinua edo sukaldaritzaren inguruko katedrak zabaltzea dugu helburu.

Guztiz baztertu al duzu zinema eta interpretazioa, Aizpea?

Bolada batez bai, (nola bestela!) parentesia egin dut nire lanean. Orain egia esan, ez dut tarte txikienik ere harrapatzen nire ohiko lanean pentsatzeko. Lehen esan bezala ardura handia da, eta buru belarri ari naiz Etxepare Euskal Institutuak dituen alor guztietan lanean. Asko dago egiteko, eta nire gogo eta indar guztia horretara jarri dut eta jarri behar dut.

Kanpotik begiratuta behintzat, zure aurreko ogibidea eta oraingoa zer ikusirik ez dutela ematen du. Horrela al da?

Itxuraz ez dute zerikusi handirik, baina bai lehen eta baita orain ere, euskara eta kulturaren inguruan nabil lanean. Gainera, proiektu bat aurrera eramaten, sortzen, eraikitzen… ari naiz. Egia da, lehengo eta oraingo ogibideek ez dute zer ikusi handirik, baina bata bestearengandik ez dabiltza oso urrun.

Aizpea Goenaga
“Lehengo eta oraingo ogibideek ez dute zer ikusi handirik, baina bata bestearengandik ez dabiltza oso urrun.”
Argazkia: www.aizpeagoenaga.com

Eta orain ez zaudela zinemari lotuta zer botatzen duzu faltan?

Nire kabuz aritzea botatzen dut faltan, eta batez ere, idaztea… Lehen nire kabuz sortzen nuen, nik irudikatzen nituen neure proiektuak. Orain esku artean dudan proiektuak gure gizartearengan eragina du. Hala ere, oso proiektu erakargarria eta ederra da benetan, oraindik ereiten ari bagara ere, hasi gara fruituak jasotzen eta benetan pozgarria da.

2005. urtean Euskonews aldizkarian elkarrizketa bat egin genizun. Elkarrizketa horretatik zure hitz hauek atera ditut: “Nik orain ez nuke pelikula zuzentzearena ezergatik aldatuko.”…

Eta egia da, orain ere gauza bera esaten dut, “pelikula hau” zuzentzea ez nuke ezergatik aldatuko… Horretan ari naiz, eta nire buruari jarri diodan helburua bete arte honetan arituko naiz buru belarri, ilusioz eta gogoz gainera.

Elkarrizketa horretan ere, zure lan kuttunena “Zeru horiek” zela esan zenigun. 6 urte pasa dira eta proiektu berriak egin dituzu. Zer erantzungo zenuke orain?

Momentu hartan huraxe nuen egin berria, jakina, eta beti azkena egin duzunarekiko lotura berezia duzu. Azken bolada honetan ordea, ez dut ezer sortu, eta horrexegatik agian, nire lanik kuttunena buruan dudan proiektua da. Etxeparen hasi nintzenean, esku artean lan bat nuen, eta huraxe dut orain gogoan. Baina egia da, Zeru Horiek oso kuttuna dut. Hala ere, lan guztiak “berezia”-k dira. Denetan uzten duzu anima, eta era berean, bizia ematen dizute.

Nola ikusten duzu euskal zinemaren egoera?

Baikor. Sortzaile asko dago, eta berriz ere, zinema euskaraz egiteak poza ematen dit. Eta oso filma onak egin dira gainera. Euskaldunok gure kulturaren kontsumitzaile porrokatuak bilakatu behar genuke. Hori lortuko bagenu…

Vía EUSKONEWS

Un comentario en «Aizpea Goenaga / Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria»

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *